BASQUEVOLT, egoera solidoko bateriak ekoizteko euskal ekimena jarri da abian, 2027an 10GWh ekoizteko helburuarekin
Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektuaren fundazio-inbertitzaileen Partzuergoak, Iberdrola, CIE Automotive, Enagás, EIT InnoEnergy eta CIC energiGUNE hartzen ditu, eta azken honen ikerketa-lanak erraztu egin du ekimenaren garapena.
BASQUEVOLT, egoera solidoko baterien euskal ekimenak bateria-gelaxkak ekoizteari ekingo dio 2027. urtean, 10GWh-ko edukiera lortzeko helburuarekin. Hori da fundazio-akziodunen artean Eusko Jaurlaritza, Iberdrola, CIE Automotive, Enagás, EIT InnoEnergy eta CIC energiGUNE hartzen dituen BASQUEVOLT eratzeko aktan jasotzen den helburu nagusietakoa.
Bi urteko lan gogorraren eta diskrezio handienaren ondoren, BASQUEVOLT errealitatea da. Euskadi erreferente bihurtuko du Europa mailako egoera solidoko baterien garapenean. Hasierako inbertitzaile-taldea osatzen duten konpainien esperientziak BASQUEVOLT biltegiratze-industrian eta baterien lasterketarako lehiakortasuneko oso posizio garrantzitsuan egongo dela ziurtatzeko aukera ematen du. Gainera, elkarlanerako aukera handiak irekitzen dira bertan. Eta kontuan izan behar da, halaber, biltegiratzearen industria funtsezkoa dela trantsizio energetikoan aurrera egin ahal izateko.
Horrela, BASQUEVOLTek lau urte barru lehen ekoizpen-lerro bat martxan jartzea aurreikusten du, 700 milioi eurotik gorako inbertsioan oinarritua, eta 800 enplegu zuzen baino gehiago sortzeko gai izango dena.
BASQUEVOLTen lehen faseak Arabako Teknologia Parkean izango du egoitza, Marie Curie eraikinean (Albert Einstein, 35), CIC energiGUNEtik metro gutxira. Michel Armand –elektrolito solido polimerikoaren “aita”– buru den ikertzaile-taldea lanean ari den zentroak egoera solidoko baterien esparruan 10 urte baino gehiagoko ikerketa-lanean oinarritutako bere euskarri teknologikoa eskainiko dio BASQUEVOLTi. Alde horretatik, BASQUEVOLTen teknologia euskal zentroak patentatutako elektrolito konposatu baten erabileran oinarritzen da.
BASQUEVOLTen sustatzaileek badakite elektrolito likidoa duten litiozko bateriak heldutasun-egoerara iristen ari direla, eta energia biltegiratzearen benetako potentziala benetan askatzeko hurrengo aurrerapen teknologikoak egoera solidotik etorri behar duela. Enpresaren hasierako helburuak prototipo-gelaxkak eta 2025ean martxan egongo den ekoizpen-lerro pilotu bat garatzea dira, 2027an ekoizpenari ekiteko asmoarekin. Teknologia berriak egungo biltegiratze-soluzioen energia-dentsitatea nabarmen gainditzea ahalbidetuko du. Bere oinarri teknologikoari esker, BASQUEVOLTek egoera solidoko baterien Europako lider bihurtu nahi du.
Zehazki, BASQUEVOLTen helburua baterietarako material eta gelaxka onenak garatzea da –modu jasangarrian–, garraio elektrikoaren ezarpen masiboa, energia leku finko batean biltegiratzea –Hidrogeno-sistemekin hibridatzea barne– eta gailu eramangarri aurreratuak ahalbidetzeko.